XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) da hizkera zientifikoan, komunikabideetako berri-emate saioetan eta baita Laurak laurden gutxi dira edo Gaur laino dago bezalako mezu aseptikoetan ere. Baina kasu hauetan ere gerta daiteke hiztunaren sentimenduak azaltzea, honek esandakoak adierazi baitezake, lehenengo kasuan adibidez, berandu dela eta mugitu beharra dagoela, edo eguraldi txarrarengatik duen nolabaiteko gogo txarra, bigarrenean. Mezuak kasu honetan ez luke beraz funtzio aipatzaile hutsa bakarrik izango.

Funtzio hunkitzailea

Igorlearengan oinarrituta, helburu nagusia hiztunaren emozioak, sentimenduak, iritziak etab. azaltzearena du. Funtzio honen kasurik nabarmenena harriduretan topa daiteke. Mezuak ez dira kontzeptu esanahia izatera ere iristen: ah!, ai!, bah!, puf!; inoiz entzulea bere buruarekin bakarrik ere aritzen delarik, inongo hartzaileri zuzendu gabe. Txosten kritikoetan, prentsako iritzi artikuluetan, hurbilekoei zuzendutako gutunetan eta, nagusi izaten da ere funtzio hunkitzailea.

Funtzio deitzailea

Mezua hartzailearengan zentratzen da eta igorleak entzuleari aginduak, debekuak zein aholkuak emanaz, zerbait egin dezan akuilatuz, edo mesederen bat eskatuz, besteak beste, entzulearen jokaeran eragina lortu nahi izaten du erantzunen bat sortaraziz. Agindu zuzen batetik abiatuta (jateko!), limurtze lehunerainoko esaldi deitzaileak (ez lizuke kalterik egingo jango bazenu) era daitezke. Funtzio nagusia izaten da publizitate iragarkietan, idazki eta hitzaldi politikoetan, argumentazioetan etab.

Funtzio fatikoa edo harremanetakoa

Kanalean oinarrituta, komunikazioa ezarri, mantendu, erraztu ala etetea du helburu, eta baita komunikazioaren eraginkortasuna zihurtatzea ere. Formula estereotipatu, esaldi labur eta berriz esateen erabilera ugaria ditu ezaugarri. Agurretan topatzen dugu maiz (egun on, kusi arte), telefono elkarrizketetan kanalak irekia jarraitzen duela adierazteko (bai... bai: mm... mm; hara... hara), testuetan zerbait nabarmentzeko erabiltzen den letra mota desberdinetan etab. Haurrek jabetzen duten lehen funtzioa izaten da, haurrengan komunikatzeko joera lehenago agertzen baita informaziozko edukina duten mezuak ekoiztu eta ulertzekoa baino.

Funtzio metalinguistikoa

Kodean oinarritzen da. Mintzaira zein beste edozein komunikazio kode argitu eta ulertaraztea lortzen da funtzio honi esker. Eraginkortasuna izango badu, mezuak zehatza, txukuna eta ulergarria izan beharra dauka. Funtzio metalinguistikoak gainera igorlea eta hartzailea kode bera erabiltzen ari direla egiaztatzeko balio izaten du. Hiztegi eta gramatiketako funtzio nagusia dugu, baina analisi eta testu iruzkinetan ere topa daiteke, edo gailuen funtzionamenduari buruzko argibideetan, grafiko, marrazki eta abarren azalpenetan etab. Haurren hizkuntz jabekuntzan izugarrizko garrantzia izaten du, eta baita hizkuntz arrotzen ikaskuntzan ere.

Funtzio poetiko edo estetikoa

Mezura erakartzen du arreta guzia. Igorleak zenbait errekurtso erabil ditzake mezua objektu artistiko bihurtzeko: hots eta erritmo efektuak, errepikapenak, irudiak. Funtzio hau derrigorrezkoa izaten da literatur lanetan eta abestietan, baina sarritan topatu ahal izaten da publizitate mezuetan ere. Honelakoetan hartzailearen arreta era eraginkorragoan lortzeko mintzairaren baliabideak erabili ohi dira.

Praktikan funtzio hauek ez dira banaka isolatuta agertzen: askoz ere maizago topa daitezke elkarrekin mezu berean, beti ere batak bestea nagusitzen badu ere. Elkarrizketan, aipatutako funtzio guziak ager daitezke, eta nagusitasuna txandakakoa izaten da gehienetan.

MEZUAREN EDUKINA: INFORMAZIOA ETA KOMUNIKAZIOA

Mezu guziek adierazten dute zerbait, baina ez da informazioa komunikazioarekin nahastu behar. Komunikazioa mezua helarazte prozesua da, eta informazioa, berriz, mezu honen edukina.

Informazioan, zentzua eta zenbatekoa dira bereiztu behar direnak. Badira zentzua duten informazioak izanagatik inongo informaziorik helarazten ez dutenak, hartzaileari komunikazio-egintzan adierazi den guztia aldez aurretik ezaguna zitzaiolako. Horrela adibidez, Euskara hizkuntza bat da edo Elurra zuria eta hotza da bezalako mezuek esanahia badute, baina ziurrenik ez diote ezer berririk jakinaraziko entzuleari. Kasu honetan, informazio kantitatea hutsa izango da.

Informazio neurria: bit-a

Mezu batek daukan informazio kantitatea neurgarria da. Claude Shanon-ek informazio neurri bat ezarri du, bit (binary digit) izenekoa. Bit-a aukeran bi esanahi bakarrik daudelarik biak probabilitate berarekin, mezu batek helarazten duen informazio kantitatea da.